IRRIBARREA, ARIMAREN ISPILUA (TESTIGANTZA)

 Penagarri sentitzen nintzen, triste, nekatuta... Ez nekien zergatik, dena neukan: etxea, gizona, bi haur osasuntsu eta kementsu, osasuna, lana, ikasketak, lagunak... 22 urterekin amets nezakeen guztia lortua nuen 34 betetzerako. Gainera, neu inkonformista naizenez urtebete neraman euskarako eta ingelerako tituluak ateratzeko ikasten eta on-line master batekin burrukan. Zer gehiago eska nezakeen? Bada, garrantzitsuena falta zitzaidan, IRRIBARREA.

Askotan pentsatu izan nuen psikologo batengana joateak mesede egingo zidala. Ez nuen uste arazorik izan nezakeenik, azken batean, bizitzari eskatzen nion guztia lortua nuen. Gainera, inguruan banuen nire eguneroko oztopoei buruz norekin hitz egin eta norekin barrenak askatu. Baina eguneroko "arazo txikien" inguruan iritzi berriak eta ikuspuntu berriak izan zitzakeen norbaitekin hitz egiteak erakartzen ninduen. Hala, Maria Zunzunegiren kontsultarekin egin nuen topo eta esperientzia berria probatzea erabaki nuen. Gaur egun bizi dugun konpetentziaz beteriko testuinguruan guraso, langile, ikasle edo lagun rolak uztartzeko moduei buruz ikuspegi berriak jasotzeko beharra nuen.

Mariak, lehenik eta behin, aurre kontsulta batera gonbidatu ninduen, elkar ezagutu gintezen. Nik nire beharrei buruz hitz egin nion eta berak lan egiteko zuen baldintzez informatu ninduen. Arraroa egin zitzaidan arren, eguna eta ordua hurbiltzen zihoan heinean urduri jarri nintzen, erne, deseroso, hotza ere sentitzen nuen. Beldurra zen sentitzen ari nintzena. Zerbait gaizki esateko beldur nintzen; esperientzia bizitzeko beldur; ezagutzen ez nuen pertsona batek ni epaitzeko beldur; eta, batez ere, "dena daukazu eta zuk zer egiten duzu hemen?" entzuteko beldur. Kontsultara sartu nintzenean dena aldatu zen ordea, beldurra lasaitasun bihurtu zen. Azkenean, aurrez ezagutzen ez ninduen eta epaituko ez ninduen norbaitekin nire sentimenduez hitz egiteko aukera nuelako lasaitu nintzen.

Beti eskertuko diot nirekin kontsulta guztietan, baina, batez ere, lehen aurre kontsulta hartan izan zuen jarrera lagungarria, bizigarria, indargarria. Uste dut, bere jarrera garrantzitsua izan zela tratamenduarekin hasteko erabakia hartzerako orduan, izan ere, lasaitasun hura eskaini izan ez balit ez dudalako uste berriro bueltatuko nintzenik. Badakit hitz horren abstraktuak (lasaitasuna, jarrera indargarria, jarrera bizigarria) zehaztea zaila dela. Ni ondorengo hiru puntuek lasaitu ninduten:

1.- ULERTU EGIN NINDUEN: Neuk neure burua ulertzen ez nuenean ulertu ninduen berak. Lehen egunean artean ez ninduen inolaz ezagutzen, baina nire hitz totelak barruan gordeta nituen sentimendu bilakatzeko gai izan zen. Bereziki esaldi batekin gogoratzen naiz "bizimodu automatiko batean aurkitzen zara, ez?" Bai!! Horixe zen sentitzen nuena!! Nola asmatu zuen holakorik neuk azaltzeko gaitasunik ez banuen? Neuk neure buruari ezarritako egin beharrak betetzen eta gizarte honetan nigatik espero dena egiten horren lanpetuta egonik, pentsatzeko, sentitzeko, arrazonatzeko astirik ez nuen. Zenbat alditan galdetu nion neuk neure buruari irribarrea zergatik falta ote zitzaidan, eta Mariak hitz gutxirekin ulertu ninduen.

2.- LASAITASUNA ESKAINI ZIDAN: Bere begiek bilatu egiten ninduten, galdetu egiten zidaten, ni esaten nenbilena interesatzen zitzaiola sentitzen nuen, adi-adi entzuten ninduela ikusten nuen... konparaketarik gabe, "eta nik gehiago"rik gabe... ni eta nire arazotxoak geunden gertuko giro goxo eta komodo batean.  

3.- EZ ZUEN KONTSULTA AMAITU NIK AMAITU NUEN ARTE: Asko harritu ninduen zerbait izan zen. Aurrez telefonoz galdetu nion ea zenbat denboraz egongo ginen aurre kontsulta horretan, eta Mariak gutxi gorabeherako bat eman zidan. Uste guztien kontra hitz egiten hasi nintzenarekin batera lehertu egin nintzen, negarrez eta barrenak askatzen hasi nintzen, eta denbora igaro zen. Denbora asko igaro zen negar eta negar, hitz totelka. Mariak han jarraitu zuen adi, ni entzuten, igaro zen denboraz batere arduratu gabe. Hitz egitea amaitu nuenean, bion artean ariketatxo batzuk eta hurrengo kontsultaren eguna adostu genituen eta norbaitekin hitz egiteko beharra sentitzen banuen bitartean berarekin kontaktuan jarri nintekeela jakin arazi zidan.

Aurre kontsultaren ondoren ulertu nuen jada itxi ezin zitekeen kaxa bat ireki nuela. Nahi gabe egiten hasi nintzen bidea zaila, malkartsua izango zela, baina ez nintzela bakarrik egongo bide hartan. Eta hala izaten ari da. Depresio, antsietate, autoestimu baxu, segurtasun falta, perfekzionismo eta prokrastinazio sintomei aurre egiten gabiltz. Hilabete gutxian tristura uxatzea lortu dugu, eta antsietate momentuak oso puntualak izatea lortu dugu. Autoestimu baxua eta segurtasun falta desagertzen ari dira asteroko zitetan adostutako erronkak lortzen ditudan heinean

Irribarrea bueltan da. Ez dut esango nire lehengo izaera berreskuratu dudanik, hobetutako neure bertsio bat lortzen nabilela uste dudalako. Aspaldian lehen aldiz pozik sentitzen naiz; umeez gozatzen dut, gizonaz, etxeaz. Neure indarrak hobeto neurtzen ditut eta hobeto zaintzen naiz.

Eskerrik asko Maria eskainitako laguntzagatik, zurekin negar eta barre egiten uzteagatik, zure kontsultetan eskainitako kalitatezko baina batez ere goxotasunez jantzitako zerbitzuagatik. ESKERRIK ASKO GUZTIAGATIK.

Maria Zunzunegi
Gabinete Psikologikoa

Kokapena

Damaso Azkue 4, behea
20730 Azpeitia
Gipuzkoa

Kontaktua

Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
T. 943142375

Maria - 628 112 281
Amets - 630 936 022


Lege Informazioa | Sitemapa | © 2017 Maria Zunzunegi | Gabinete psikologikoa

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika. Informazio gehiago

Onartu